KAIXO ADISKIDE. Ongi etorri Kondaira
aldizkarira. Gure xedea historia euskaraz landuko duen aldizkari elektronikoa
ateratzea da. Proiektu honek, euskaldun historialarien eta orotariko historiazaleen
topagune izan nahi du. Beraz, historia artikuluak, liburu aipamenak,
historia materialak eta iritziak argitaratzeko eta eztabaidatzeko elkarleku. Kondaira
aldizkaria Udako Euskal Unibertsitatearen (UEUren) Historia Sailak sortu
zuen 2003 urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzari esker. Hurrengo urteetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu izan du. Kondaira osorik euskaraz eta
guztiz historia gaiez aritzen da, horretan aitzindari izanik. Aldizkaria artikuluak
jaso ahala ateratzen da, doakoa izanik. Formatu elektronikoak, paperezko aldizkarien
hainbat arazo saihesten lagunduko digu, zabalkunde handiagoa eta guztiontzat kostu
merkeagoa ahalbidetuz.
ZER DA KONDAIRA? Hiztegietan hitz horren
esangura bilatzen duenak, hainbat definizio aurkituko ditu. Hiztegi arauemaile
batean kondaira hitzaren hedadura semantikoa finkatzeko eragozpenak daudela
ere irakur daiteke. Hitz polisemikoa da beraz. Hasteko, argi dago, kondaira
nolabaiteko kontakizuna edo narrazioa dela. Jatorriz hori besterik ez zuen
esan nahi: kondaira = kontaera, kontakizuna, narrazioa. Aita Larramendik, XVIII.
mendean, kontakizun horri espreski izaera historikoa eman gura izan zion, eta
kondaira, historiarekin berdindu zuen. Ordutik, kondaira
hitza historia euskara garbian esateko erabili izan da. Baina kondairak
ez du lortu historia hitza euskaratik baztertzea. Kontrara, nazioarteko
izena gailendu da azken urteotan. Horregatik, gaur, ohikoagoa da kondaira
aipatzean, istorio fantastikoei erreferentzia egitea, legendei eta ipuinei.
Zein definizio aukeratu? Zein lehenetsi? Ez dugu guk erantzuna. Aitzitik, irakurlea
jabetuko zenez, aldizkari hau sortzean hitzari definizio berri bat erantsi genion:
jadanik Kondaira euskarazko historia aldizkari baten izena ere
bada.
ZERGATIK KONDAIRA? Gure aldizkarian historia
euskaraz landuko dugunez, zer izen egokiagorik historiaren euskarazko
ordain izan nahi duen kondaira hau baino? Mundu akademikoan
hitz ezohikoa bada ere (inork ez darabil “kondairaurrea” edo “kondaira
ekonomikoa” modukorik), horrek hain zuzen, izen sinboliko aproposa
bihurtzen du. Gainera, historiak zientzia gisa egun duen estatus eztabaidatsua
kontuan izanda, kondaira hitzaren polisemiak gure diziplina akademikoaren
egoera bereziari keinu egiten diola dirudi. Izan ere, azken hamarkadetan historiaren
zientzia izaera dudatan jarri da. Zientzia baino gehiago, historia literatura
mota bat litzateke. Hortaz, kritika postmodernoari jaramon eginez gero kondaira
hitz ekibokoa, ez legoke hain oker historia zein legenda biak
izen berberaz adieraztean, biak ere biak nolabaiteko narrazio literarioak
lirateke eta. Horretan behintzat, ez dago dudarik: historiak literaturarekin
komunean duena narrazioa da; auzi batzuk kontatzen direla, zerbaiten
kontakizuna azaltzen dela. Hola bada, historia lan orotan narrazio
bat egiten da, kondaira bat. Baita aldizkari honek jasotzen
dituenetan ere.
ZER
AZALTZEN DA KONDAIRAN? Orain arte aipatutakoarekin, baten batek pentsa
dezake, aldizkarian historiaren ikuspegi berezi bat (postmodernoa edo) bultzatzen
dela. Bada ez. Onak geundeke, euskarazko historia aldizkari bat sortu eta espreski
honako edo harako orientabide historiografiko zehatza eman ahal diogula usteko
bagenu. Euskarazko historia mundua ez dago, ez egilez ez irakurlez halako espezializaziotan
sartzeko moduan. Dudarik gabe, historia-ikerketen arloan azaltzen diren eztabaidak
eta ekarpen berriak islatu nahi ditugu. Baina gehiegizko espezializazioan erori
gabe eta ahalik eta irekienak izanez. Horrek ez du esan nahi irizpiderik ez
dugunik eta euskaraz dagoen edozein (ganora gabeko) historia lan jasotzen denik.
Kondairan, kalitatea zainduz, orotariko historia lanei egiten zaie
leku. Zentzu horretan, batetik, Euskal Herriko zein mundu zabaleko edozein
gai historiko jorratzen duten historia artikuluak agertzen dira. Bestetik,
historiaren irakaskuntzan baliagarriak izan daitezkeen historia materialak
(testuak eta mapak) ere eskuragarri daude. Azkenik, historialari eta historiazale
euskaldunen arteko harremanak garatzeko eztabaida zerrenda bat
ere badago.
HISTORIA
ARTIKULUAK zeintzuk diren Aurkibidetik abiatuz jakin daiteke, haien
laburpena ikusi nahi duenak aukera hori izanik, edota, gustoko izanez gero,
artikulu osoa (PDF formatoan) norbere ordenagailura jaistea posible izanik.
Artikuluen sail hau, historia irakasleen, ikertzaileen eta orotariko historiazaleen
artikuluei irekita dago. Halaber tarte berezia eskaintzen zaie unibertsitateetako
historia ikasleei, beren aurreneko ikerketen hasikinak eskain ditzaten.
Ez dira beharbada lan definitiboak izango, baina ikasleek kurtsoko ikasgairen
baterako landu dituzten gai interesgarriei irteera emateko aukera ematen du.
Izan ere, maiz karrera osoa euskaraz egin ostean, ikasleak ez du plataforma
egokirik aurkitzen egindako lanak hizkuntza berean argitaratzeko, eta kaxoi
batean gordeta uzten ditu. Ondorioz ez da euskaraz ikertzeko eta idazteko ohiturarik
sortzen. Zentzu horretan Kondairak, zubilana eginez, euskara historia
ikasteko tresna izateaz gain ikerketak egiteko eta plazaratzeko ohiko hizkuntza
ere bihurtzea nahiko luke. Eta ikasleei bezala historia irakasleei ere
euskaraz argitaratzeko bidea erraztu nahi die. Bestalde, artikuluez gain, Kondairan
liburu aipamenak ere jasotzen dira. Ez dute nahitaez liburu iruzkin mamitsuak
izan behar. Liburu gomendioak zein kritika laburrak ere izan daitezke. Kondairak
ISSN zenbakia du, eta beraz aldizkari gisa homologatua da.
HISTORIA
MATERIALen atalean, bereziki eskolak emateko langai praktikoak eskaintzen
dira: Euskal Herriko zein munduko testu historikoak euskaraz eta mapa
historikoak bereziki. Historia materialen corpus gero eta handiagoa
bildu nahiko genuke. Horretarako, guk jarri ditugun aurreneko langaiez gain,
jasotzen diren mota honetako material guztiak ipiniko ditugu sarean, iturria
eta igorri digunaren izena aipatuz, jakina.
ZERRENDAn,
Kondairan argitaraturiko artikuluez iritzia emateko, kritikak egiteko
edota oharrak eransteko aukera dago, baita historiaren inguruan gogoetak plazaratzeko
edota kontsultak egiteko ere. Azkenik, historialarientzat interesgarriak izan
daitezkeen estekak jaso dira. Beraz historia ikasleek zein irakasleek, zaletuek
zein profesionalek, bateko zein besteko ikuspegia dutenek, guztiok dugu zer
idatzi, zer irakurri eta zer ikasi Kondairan. Era horretara, denon artean,
euskarazko historia aldizkari komun bat eraikiz joango gara. Sentsibilitate
desberdinak bildu eta guztion artean elkarrizketa eraikitzailea izan.
AURRERA
BEGIRA, Kondaira aldizkariak, euskaldun historialarien bilgune
eta erreferentzia izan nahi luke. Ez dauka inolako asmo esklusiborik, eta
ez du berez ere txikia den euskarazko historiografian inolako autoritate mugatzailerik
ezarri nahi. Bai ordea, sakabanaturik dagoen euskaldun historialarien mundua
harrenanetan jarri. Elkar ezagutu, eta elkarren berri izan. Euskaraz dihardugun
historialariontzat plataforma komun bat eratu gure proposamenak ezagutarazteko.
Asmo hori gogotan ari da Kondaira. Gustoko izan dezazula.